XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ume bi izan genituen, baina egun baten, zergatia oraindik ez dakidala, hirurak desagertu ziren eta ez ditut berriro ikusi.

Atsekabe handi hura ahaztu nahian, beste emakume maitagarri baten altzoan bilatu nuen babesa, baina orduko hartan ere txarto atera zitzaidan, andrea, ezin jakin zein eragin kaltegarriren ondorioz, erotu egin baitzen.

Sekulako etsipena nozitu nuen esperientzia samin haien eraginez eta, nahitaez amodio mundutarrari uko egin beharko niola jabeturik, neukan guztia utzi eta alde egin nuen etxetik.

Urte bitik gora eman nuen ibaiertzeko ghatetan, izpiritu on eta gaiztoen artean noraezean, lurrean lo egiten eta shaduek ematen zidatena jaten.

Aldi latz hura pasatuta, pixkanaka etsialditik irten eta tenplu zapuztu hau bisitatzen hasi nintzen, Krishnari otoitz egitearren.

Alboko etxeetan bizi zirenek hasieran baimena eman zidaten hemen egunez egoteko, gauez alde egitekotan.

Halaxe eman nuen denboraldi bat.

Apurka-apurka, ingurukoek ikusi zuten ez niola inori kalterik egingo hemen egoteagatik, eta azkenean tenpluan finkatzeko onespena eman zidaten.

Aspaldi honetan, kaleko umeen bizimodua hobetzen saiatzen naiz, eta kanpotik arazoren batekin edo aholku eske etortzen zaidan jendeari laguntzeko ahaleginak egiten ditut.

Horretarako, hor barruan bizi den Krishnaren babesa daukat.

Azken berba horiek esatearekin batera, jainko horren irudia gordetzen duen eraikin nagusirantz seinalatu du, eta gero pausa luzea egin du bere hitz jarioan.

Ni ere isilik geratu naiz, tarte laburrean entzundako istorio trinko hori hausnartuz, eta gero, Gangaren azalpen mamitsuan nire arreta biziro erakarri duen aipu batez galdetu diot.